Ir a: Menu navegación | Contenidos

Esta web
Internet
  • recomienda esta página

Kalamuaren kontsumitzaileen elkartea abiatu da Araban

Mariaren Lagunak eratu da Araban, «argibideak eman eta hartzaileen eskubideak errespetarazteko»

LUIS KARLOS GARCIA - GASTEIZ

Bizkaian bi daude (Pannagh eta Bhang) eta beste bi Gipuzkoan (Paotxa eta Ganjazz). Hortaz, Arabako Mariaren Lagunak elkartea Euskal Herrian abian jartzen den kalamuaren kontsumitzaileen bosgarrena da (Nafarroan ez da eta Ipar Euskal Herrian legediak ez du ahalbidetzen).Mariaren Lagunak taldea (www.amigodemaria.com) iragan udaren ondoren eratu zen, eta, atzo, asanblada irekia egin zuten, Gasteizen. «Gure asmo nagusia da kontsumoari buruzko argibideak gizarteratzea, eta, bestetik, hartzaileen eskubideak errespetaraztea», adierazi dio kazeta honi elkarteko lehendakari Paco Mascaraquek.Pannagh taldeko buru Martin Barriusok uste du elkarteak sortzea dela eskubideak bermatu ahal izateko bide bakarra : «Arlo pribatua da kontsumitzaileen babes bakarra segurtasun juridiko gehiagorekin mugitu nahi badugu; izan ere, erabateko segurtasuna izatea ezinezkoa da». Legediak dituen «zirrikituak» zabaltzeko nahiz egoera normalizatzen joateko beste modurik ez dagoela uste du.

«Lehentasuna da ongi kontsumitzea»

Mariaren Lagunak taldea eratu da Gasteizko hedabide batzuek nerabeek ikastetxeetan egiten duten drogen kontsumo handiaren berri eman duten garaian. Albiste horien eraginez, poliziek areagotu dute zenbait eskolatan egiten zuten segimendua.Mascaraquek onartu du kezkatzeko modukoa dela ikasle bat goizero «porroz josita» baldin badoa gelara. «Irtenbidea inolaz ere ez da Polizia eskolako atera bidaltzea, horrela erretzeko tokia aldatzea besterik ez delako lortuko», gaineratu du.Kasu horietan, behin gazteak erretzea erabakiz gero, «lehentasunezko helburuak kontsumoa era egokian» egitea izan beharko lukeela uste du: «Larriena da jende asko, nahigabe, oso substantzia toxikoak erretzen ari direla».Oro har, kontsumitzaileen eskubideei eustea dela garrantzitsuena uste du: «Espainiako Estatuan zilegi da bakoitzak 25 tabako-belar edukitzea, eta, horregatik, ez dugu ulertzen zergatik ez den gauza bera egin nahi, esate baterako, marihuanarekin». «Luze baino lehen» egoera «normaltzea» lortuko dela espero du.Mariaren Lagunak elkartearen estatutuek azpimarratzen dute bere bazkideen defentsa egingo dutela «trafikoa debekua duten substantzien kontsumoari buruz gerta daitezkeen lege nahiz jurisprudentzia hutsuneak eta anbiguitatea direla medio».Era berean, hartzaileen «eskubideak urratzen dituzten Administrazio publikoak salatzeko asmoa» agertu du sortu berri den elkarteak.

MARTIN BARRIUSO (PANNAGH)

«Lan egiteko debekurik ez dugu, baina praktikan, bai»

Bilboko Udaltzaingoak Pannagh elkarteko lau kide ÐMartin Barriuso tarteanÐ atxilotu zituen joan zen urrian, Iurretan (Bizkaia) zuten marihuana sailarekin trafikatzea egotzita. Barriusoren arabera, auzia «oso astiro» doa. Epaileak baditu eskatu zizkien dokumentu batzuk, eta oraindik ez dira heldu zenbait analisiren emaitzak (besteak beste, atxilotutakoei beraiei egindakoak kontsumitzaileak ziren egiaztatzeko). Alde bakarra da hilon ez dutela epaitegira joan behar izan sinatzera eta hemendik aurrera ere ez dutela egin beharko.

Barriusoren ustez, kasua kontraesankorra izan da hasieratik: «Epaileak ez digu gure jarduera gelditzeko agindurik eman, banketxeko kontu korronteak bere horretan jarraitzen du, eta, beraz, oro har, funtzionatzeko debekurik ez dugula esan liteke». Hala eta guztiz ere, «elkarteak lan egiteko ezintasuna du praktikan», marihuanarik ez baitute ia. «Kalamurik gabe utzi gintuzten. Dugun apurra kasurik premiazkoenei, gaixorik larrienei ematen diegu».Mariaren Lagunak taldeko Paco Mascaraqueren esanetan, «beldurra» dago kolektiboan Pannagh elkarteak jaso zuen kolpearen ondoren, «baina ez pentsa aurretik zegoena baino askoz handiagoa denik». Legearen aldaketa ezinbestekoa dela uste du hartzaileen eskubideak errespetatu nahi izanez gero.

copyleft copyleft www.amigosdemaria.com