Ir a: Menu navegación | Contenidos

Esta web
Internet
  • recomienda esta página

Paco Mascaraque: “Gazteek egiten duten kalamu kontsumoa benetan kezkagarria da”

Ariane Kamio

Sukaldean erabiltzen diren horiez gain, badira usain goxoa zabaltzen duten beste belar batzuk ere; kasurako, kalamua. Berau sukaldean erabiltzea ere posiblea da, baina usaina agintarien sudurretaraino iristen bada, argi ibili, arazoak egon baitaitezke. Paco Mascaraque Mariaren Lagunak elkarteko zuzendaria da, eta bihar, osteguna, egingo dute lehen biltzar publikoa. Droga politikan normalizazioaren aldeko borrokan lan egin eta kontsumo arduratsuaren aldeko kanpaina egingo dituzte.

Mariaren Lagunak


Argazkia: Mariaren Lagunak

Noiz sortu zen elkartea? Nondik atera zen ideia?

Elkartea duela urte bete sortu zen gutxi gorabehera. Normalean kalamua kontsumitzen dugun lagun talde bat elkartu ginen arrazoi desberdinengatik. Narkotrafikoak gora egiten zuela ikusita, eta egunero gertatzen diren atxiloketa bidegabeen aurrean talde bat osatzea erabaki genuen normalizaziorako politika defendatzeko.

Zein da elkartearen helburu nagusia?

Helburu nagusietako bat gaur egun indarrean dagoen droga politikan aldaketak lortzea da, eta drogen normalizaziorako bidean aurrera jarraitzea.

Normalizazioa zein eremutan? Helburu terapeutikoei begira edo eremu orokorreko normalizazioa?

Guk normalizazioa orokorrean eskatzen dugu. Normalizazioa nahi dugu, askoz kaltegarriagoak diren produktuekin —alkohola, tabakoa— egiten den bezala. kalamuaren egoera normalizatu egin behar da, eta zigor penalak alde batera utzi behar dira.

Zertan datza elkartearen lana?

Lehenengo eta behin, biltzar publiko bat egingo dugu bihar, osteguna, Korreria kaleko 65 zenbakiko lokalean. Gasteizko gizarteari gure sorkuntzaren berri emango diogu. Biltzar horretan administrazio arduradunen izenak jakitera emango ditugu. Horrez gain, antolatu ditugun ekitaldien berri emango dugu; tailerrak, kalamuaren kontsumo arduratsuari buruzko hitzaldiak, normalizazioaren aldeko manifestazioak…

Halaber, gure elkarteko bazkideentzat babes juridikoa lortzen saiatuko gara. Inoiz arazorik izango balute, abokatu baten laguntza emango genieke.

Nolanahi ere, argi utzi nahi nuke Mariaren Lagunak elkartearen helburua edo zeregina ez dela kalamua erein eta ondoren erretzea. Gure helburua normalizazioaren aldeko pausuak ematea izango da.

Gainera autogestioaren aldeko apustua egingo dugu; ez diogu inori inongo laguntzarik eskatu nahi.

Ze onura izan ditzake elkarteko kide egiten den pertsonak?

Mariaren Lagunak elkartea ikuspuntu desberdin batetik begiratu behar dugu. Gure elkartea ez da merkantilista, eta ezta kapitalista ere. Gure elkarteko bazkide direnek ez diete abantailei begiratu behar.

Bazkide egiten garenok, bazkide gara aktibismoagatik, eta normalizazioaren aldeko borrokagatik. Izen ematearen kostua 60 eurokoa da, eta diru hori drogen normalizazioaren borrokan lan egiteko erabiliko da.

Laster lokal bat izango dugu bazkide guztientzat. Horrez gain, bazkideek legearekin edozein arazo izango balute, elkartearen bitartez abokatu baten laguntza jasoko lukete. Mediku eta psikologoen laguntza ere izango dugu beraien aholkuen berri izan dezagun.

Gaur egungo gazteek egiten duten kalamu kontsumoa normala al da?

Niri oso kezkagarria iruditzen zait. Oso kezkagarria iruditzen zait adin txikiko gazteek kalamua era horretan kontsumitzea. Ez da normala eskolako jolas orduan bost porro jarraian erre, eta ondoren berriro klasera itzultzea.

Bestalde, oso kezkagarria iruditzen zait ere agintarien soluzio bakarra polizia eskoletako atarietara bidaltzea. Polizia eskolako atarira joatearekin kontsumoak ez du behera egingo; agian eskolako atarian ez da porrorik erreko, baina kontsumoak berdina izaten jarraituko du. Droga trafikoa lekuz aldatu besterik ez da egingo. Hala ere, gazte gehienek tabakoa erretzen dute, eta horren atzetik ez da pertsekuziorik egiten, tabako kaxa bakoitzarengatik zergak ordaintzen direlako. Gaur egungo sisteman mafia handia dagoela uste dut.

Egoera horren aurrean gurasoek zer egin behar dute?

Egoera guztiak, etxe guztietan ez dira berdinak. 15 urteko gazte baten gurasoei bere seme-alabak sustantzia ilegalak kontsumitzen dituen notifikazio bat heltzen bazaie, etxe horretako egoera kaotikoa izango da. Guraso askok, drogak txarrak direla esango diete beraien seme-alabei. Beste batzuk, ordea, argi hitz egingo diete, eta droga kontsumoak eragin ditzakeen kalte eta onurak zeintzuk diren azalduko dizkiete.

Nolanahi ere, 15 urteko gazte batek mezu berdina leku desberdinetatik jasotzen badu, bere interpretazioa ere desberdina izango da. Ez al litzateke hobea normalizazioaren alde eta kontsumo arduratsuaren alde lan egiten duen elkarte batek gazte horri informazioa ematea?

Gurasoak dira beldur gehien izaten dutenak. Hala ere, desmitifikatu egin behar da kalamutik heroinaraino joaten den ibilbide hori. Etxe askotan esaten da kalamua erretzen hasi eta heroina kontsumitzen amaitzen duzula. Gezur hori garbitu egin behar da.

Kalamuaren inguruan behar sozial bat dago. Jendeak informazioa nahi du. Batzuentzat kalamua gaixotasun egoeran erretzea ona da, baina taberna batean erretzea ez. Halaber, kalamu kontsumoa oso ikuspuntu desberdinetik ikusten da gaur egun 80ko hamarkadarekin konparatuta.

puedes ver la noticia en Matraka

copyleft copyleft www.amigosdemaria.com